Berriakrss

“Krisialdiak apaldu egin du ekintzaile izateko grina”
Enpresarean azoka

“Krisialdiak apaldu egin du ekintzaile izateko grina”

2016-11-15 - Enpresarean

ENPRESAREAN AZOKA - ELKARRIZKETAK IIII


MIKEL OROBENGOA

BAC MONDRAGON - Sustatzailea

 

Herrialde egokia da Euskal Herria ekintzaileentzat?

Ikuspegi ezkorra daukat. Krisialdiak apaldu egin du ekintzaile izateko grina. Euskadin azken bost urteotan Ekintzailetzaren Tasa Aktiboa 4,5 puntura jaitsi da eta barne ekintzailetasunak ere nabarmen egin du behera. Krisiaren ondorioz euskal gizartea oso kontserbadorea bilakatu da eta ekintzailetasuna bere unerik txarrenean dago.

 
Ikuspegia falta da?

Ez dago ekintzailetasuna sustatzeko estrategia orokorrik. Eskolatik hasi eta unibertsitatera arte ekintzailetasuna sustatu beharko litzateke eta ez da egiten. Ez dago venture-capital (arrisku Kapitala) enpresa indartsurik. Kutxek eta bankak ez daukate arrisku kapitala sustatzeko joerarik. Ikuspegi orokorra falta da; hezkuntzan, administrazioan, enpresetan eta orohar gizartean eragiteko.

 
Zeintzuk dira ekintzailetza sustatzeko eredu egokienak?

Gaur egun modan dago Negozio Azeleratzaileen eredua Estatu Batuetan: Y Combinator, 500 Startups edo Techstart dira eredu ezagunenak. Programa bat da eta urtean zehar bi hautaketa egiten dituzte, 3.000 proiektutik 54 aukeratzen dituzte eta metodo berriak erabiliaz; Lean Startup (ekintzailetasun arina) lehiaketa bat egiten da eta promotore pribatuen bitartez finantzazioa bideratzeko aukera egoten da. Beste eredu bat inkubagailuena da.

 
Eta unibertsitatean?

Stanford University da eredurik garbiena. Gure unibertsitate eta zentro teknologikoetan ere garatzen da ekintzailetza, baina bereziki enpresetan sustatu behar da. Gaur egun, Europan enpresa berri bat aurrera eramateko ez da soilik apustu teknologia behar, trebetasun komertziala ere oso garrantzitsua da.

 
Zer da ekintzaile izatea?

Ekintzaileak berritzailea, proaktiboa –proiektua ideiatik abian jartzeko gaitasuna- eta arriskuari tolerantea –abian jarritako proiektuak porrot egin dezakelako- izan beharra dauka.

Zeintzuk dira gure herriko gazte ekintzaileen etorkizuneko erronkak?

Beti lotu izan da ekintzailetza eta gaztetasuna, baina mito bat da. Gaur egun ekintzaile izateko eskarmentua behar da eta eskarmentu hori lan esperientziak ematen du. Adinari dagokionez, 30 urtetik gora eta gutxienez 10 urteko esperientzia behar izaten da proiektuak abiarazteko. Erronkari dagokionez, gaur egun nagusiena finantzazioa da. Ez baitago sistemarik.

 
 
 
 

Aldizkari osoa hemen irakur dezakezu: ikus aldizkaria.