Berriakrss

Gizartean eragiteko formula berria aurkeztu du ULMAk Enpresarean foroan
Enpresarean foroa

Gizartean eragiteko formula berria aurkeztu du ULMAk Enpresarean foroan

2017-06-16 - Enpresarean

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatu eta sustatzen duen Enpresarean Foroan Raul Garciak, ULMAko presidenteak, esku hartu zuen atzo eginiko saioan. 'Kooperatibagintza, eraldaketa soziala eta formula berriak' lelopean eskainitako hitzaldian, Garciak adierazi zuen etorkizunean ULMA Taldeak Fundazioaren bitartez kudeatuko dituela eraldaketa soziala sustatzeko fondoak.

2017an IPDK fondoa (hornitu aurreko eta ekarpenetarako interesen ordainketa egin osteko legezko soberakina) 400 mila euro ingurukoa izango badu ere eta funtsa horretatik ehuneko handia bideratzen bada eraldaketa sozialera, egoera normal batean, ULMA Taldeak bi milioi euro inguruko fondoa izan dezake eraldaketa sozialean eragiteko. Raul Garciak adierazi zuen atzo, eraldaketa sozialean egokiago eragiteko formula berriak aztertzen ari direla eta etorkizunean fondo hori guztia kudeatuko dutela ULMA Fundaziotik.

Enpresarean Foroaren baitan eskaini zuen hitzaldia atzo ULMA Taldearen zentro korporatiboan erakundeko presidenteak, Oñatin. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak antolatu eta sustatutzen du Enpresarean foroa, Rober Gutierrez Bai Euskarariko zuzendariaren esanetan; "arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko eta, aldi berean, enpresa eta erakudeen artean dinamikak saretzeko".

ULMA fundazioa

4.500 langile inguru ditu mundu guztian zehar banatuta ULMA Korporazioak, horietako asko Oñatin bertan. Bai Euskal Herrian zein enpresak dituzten gainerako tokietan azken urteotan eraldaketa sozialean nola eragin eztabaidatzen aritu dira, ondo bereiztu nahi baitute arlo soziala zein arlo enpresariala, eta horren haritik, atzoko saioan Raul Garciak adierazi zuen etorkizunean era aktiboagoan inplikatuko direla gizarte proiektuekin, "ez soilik proiektuei dirua emanez, baizik eta gure pertsonak inplikatuz". Eta inplikazio horren adibide jarri zuen ULMAko hiru lagun Mundukideren proiektuetan egingo duten udako egonaldia. "Aspalditik garapen bidean dauden herrialdeak laguntzen ditugu Mundukideren bitartez, beti ere dirua emanez. Aurrerantzean, gure pertsonek era aktiboan parte-hartuko dute euren proiektuetan, eta esaterako aurtengo udan ULMAko hiru langilek proiektu horietan parte hartuko dute, bertatik bertara".

Aurten, fondoen banaketari dagokionez, totalaren %30 kooperatibagintza arlora bideratuko du ULMAk, %23 hezkuntzara, ongizate eta osasun proiektuetara, %9 gizarteratzera, %9 ingurumen proiektuetara, %8 euskara arlora, %5 kirolera eta %3 kultura egitasmoetara. 


Fondoak banatzeko etorkizuneko irizpideak

Raul Garciak kooperatibaren eredua defendatu zuen, "ez ditugulako soilik helburu enpresarialak, guk konpromiso bat eta ardura bat dugu gure inguruarekin. Azken finean, zentzua eman behar diogu kooperatibista izateari", adierazi zuen Garciak. 

Arloka banatuko du bere funtsa ULMA Fundazioak eta lau arlo bereiztu ditu: Marko kooperatiboa, gizakien beharrak, hurbiltasun geografikoa eta eragin bolumena. Arlo bakoitzean erreferentziazko edo lehentasunezko kolaboratzaile bat izango dute eta haien bitartez bideratuko dute fondoa. Diru laguntzak emango dizkiete irabazi asmorik gabeko erakundeei, gizartearen ongizatea helburu dutenei, ULMArekin zerikusia izan dezaketen erakunde edo proiektuei eta erlijio edo politika kutsurik ez dituztenei. 

Euskara eta eraldaketa soziala

Gainera, euskararen sustapena ere erantzukizun sozialaren arloan integratu du ULMAk. Hala, identitatearekin eta ULMAren balioekin (lankidetza, pataidetza, berrikuntza eta lehiakortasuna) bateratu du. Euskara planak 2004tik daude abian ULMAn eta gaur egun korporazioak bere hizkuntza politiko propioa du, helburu eta estrategia konkretuekin, eta euskara planak lantoki guztietan ezarri ditu.

Enpresarean foroak bi ordu inguruko iraupena izan zuen eta 28 pertsona batu zituen ULMAren eraikin nagusian. Besteak beste; Fagor Industrial, Fagor Arrasate, EMUN, CodeSyntax, LagunAro, ULMA, Bai Euskarari, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Arteman Komunikazioa, Oñatiko Udala, Bagara, MONDRAGON Korporazioa eta Spriko ordezkariak batu ziren. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren esanetan, "pozgarria izan da ikustea enpresarean foroak interesa pizten duela eta euskarak arlo soziekonomikoan duen presentzia ere gero eta handiagoa dela". Rober Gutierrezek eskerrak eman zizkion Raul Garciari ekitaldian parte hartzeagatik.

Ikus Raul Garciak erabilitako aurkezpena hemen.