2017-10-20 - Enpresarean
19 urria, 2017 | argitaratuta LABORAL Kutxa
Badakigu zein diren euskal enpresek 2017ko laugarren hiruhilekoari buruz dituzten itxaropenak. Ezagutu nahi dituzu? LABORAL Kutxaren Enpresen Konfiantzari buruzko inkestaren inguruan egiten dugun interpretazioa da, oro har, enpresek aurreko hiruhilekoan baino ikuspegi ezkorragoa dutela. “Beherakada arin” hori ekonomiaren bilakaerarekiko islatzen da; 57,8koa da orain, eta 59,5ekoa zen hirugarren hiruhilekoan. Baina ez da hori azterlanetik ateratzen dugun ondorio bakarra. Jarraian, aztertutako aldagai bakoitzaren laburpentxo bat erakutsiko dizugu:
Ingurune ekonomikoari buruz uste dutenari dagokionez, % 65,2k uste du mantendu egingo dela, baina % 24,4ren iritziz, hobetu egingo da. Beraz, hemen bai, hemen ikuspegi baikorra nagusitzen da. Gauza bera gertatzen da fakturazioarekin ere, aurreikuspenak aldekoak dira. Fakturazioa mantendu egingo dela (% 54,4) eta hobetu egingo dela (% 35,2) uste dutenen artean banatzen dira erantzunak, eta % 10,5 dira fakturazioak okerrera egingo duela uste dutenak. Halaber, enpresen % 59,9k uste du jarduerak bere horretan jarraituko duela laugarren hiruhilekoan; % 28,2k, berriz, hobekuntzak espero ditu. % 12k bakarrik uste du jarduerak okerrera egingo duela.
Gainera, inkestaren emaitzek erakusten dute eskabideen bolumena hobetzeko itxaropen argia dagoela, baina ez prezioak; prezioen kasuan, egonkor mantenduko direla uste da. Hain zuzen ere, inkestatutakoen % 80,5ek uste du laugarren hiruhilekoan bere horretan jarraituko dutela prezioek. Gainerako enpresei dagokienez, % 10,5en iritziz, prezioak igo egingo dira, eta % 9k uste du jaitsi egingo direla.
Orain arte aztertutako datuek “egoera nahiko positiboa” erakusten dute; izan ere, badirudi enpresa gehienek dutela beren ekoizpen-gaitasuna handitzeko asmoa eta, azken buruan, langile kopurua handitzekoa. Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 72,3k uste du bere horretan jarraituko duela inbertsioen bolumenak, eta % 20,2ren iritziz, handitu egingo da bolumen hori. Eta, azkenik, % 77,3k erantzun du enplegua mantendu egingo dela, % 18k, langile kopurua handituko duela, eta % 4,7k, txikitu egingo duela.
Beste adierazle batzuk
Beste gai garrantzitsu batzuen inguruan ere galdetu dugu, hala nola azkeneko urtebeteko esportazioen bilakaeraren inguruan; inkestatuen % 52,8ren iritziz, bere horretan jarraitu dute esportazioen, eta % 30,2k esan du hobetu egin direla datuak. Berrikuntzara edo I+Geko ekimenetara bideratutako portzentajeari dagokionez, inkesta parte hartu duten enpresen % 60k dio oso txikia dela alor horretara bideratzen duten portzentajea, % 0 eta % 0,5 artekoa, hain zuzen ere. Eta bezeroei kobratzeko epea ez dela aldatu (% 80,4) azkeneko urtean zehar. Inkestatuen % 67,5k uste du banku-finantzaziorako aukera berdin mantendu dela; % 22,2k uste du hobetu egin dela, eta % 10,3 dira aurkako iritzia dutenak.
Eta, amaitzeko, lehengaien eta petrolioaren prezio txikiak eraginen bat izango al duen galdetu diegu, eta enpresen ia erdiak erantzun du ez duela batere eraginik horrek; % 39k, aldiz, oso positiboa dela uste du.
Enpresen Konfiantzari buruzko azterlan osoa eskuratu nahi baduzu, klikatu hemen.