2018-02-27 - Enpresarean
GARBIÑE MENDIZABAL - Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria
Gipuzkoako Foru Aldundia da Enpresarean egitasmoaren babesle nagusia 2012tik. Bai Euskarari Elkarteak beti nabarmendu izan du Administrazioarekin sustaturiko elkarlana beharrezkoa dela arlo sozioekonomikoan eragin handiagoa izateko, zalantzarik gabe. Pixkanaka aurrera goaz eta euskal enpresen eta profesionalen sarea ere indartzen ari da. Hobekuntzaren bidean, profesionalen beharrei egokiago erantzungo dien webgunea berritu dugu, enpresarean.eus. Garbiñe Mendizabalekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariarekin izan gara proiektuaz duen ikuspegia ezagutzeko asmoz.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Bai Euskarari Elkartearen babesle eta lankidea da Enpresarean proiektuan, euskara sare profesionalean txertatzeko bidean. Zein leku hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Enpresarean bezalako egitasmo batean?
Gipuzkoako Foru Aldundiaren xedeen artean lehentasunezkotzat jotzen dugu hizkuntza normalizazioaren inguruan lan egiten duten euskalgintzako eragileekin lankidetza lantzea, proiektu jakinen gainean euskararen erabilera areagotzeko bidean. Esango nuke ikuspegi hori betidanik izan duela Aldundiak bere hizkuntza politika gidatzerakoan. Enpresarean egitasmoaren kasuan, gainera, esan behar dut lankidetza eta elkar ulertze giro bikaina aurkitu dugula beti Bai Euskarari Elkartearen aldetik.
Euskara arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburu izanik, administrazioak zein bide jorratzen ditu erronka lortzeko?
Eusko Jaurlaritzaren LanHitz programaren osagarri izaten saiatu izan da Gipuzkoako Foru Aldundia, esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera hedatzeko ekintzetan. Kontuan izan behar dugu guk ez dugula eskumen zuzenik hizkuntza politikaren arloan, baina sustapen lana egin genezake, noski. Enpresarean puntu horretan kokatzen da, gure ustez: zerbitzu profesionalak euskaraz eskaintzeko gaitasuna duten enpresen eta profesionalen arteko sarea indartzen du.
Enpresarean bezalako egitasmoek zein ekarpen egiten diote gizarteari eta mundu profesionalari?
Iruditzen zait garrantzizko ekarpena egiten diela enpresetan euskaraz ahalegintzen ari diren profesional, teknikari eta langile guztiei. Alde batetik, agerian jartzen ditu ahalegin horiek, askotan eta askotan enpresaren beraren esparrutik kanpo ez baitira aise ikusten; bestetik, enpresen eta profesionalen artean harremanak estutu eta elkarrengandik ikasteko aukera zabala eskaintzen du Enpresaren egitasmoak. Gaur egungo gizarte eta ekonomia gero eta interkonektatuago honetan, nahitaezkoa da interes berdinak dituztenen arteko loturak sortzea eta sendotzea.
esan behar dut lankidetza eta elkar ulertze giro bikaina aurkitu dugula beti Bai Euskarari Elkartearen aldetik
Administrazioaren ikuspegitik, zeintzuk dira lehentasunak euskara txertatzeko garaian? Zein da dugun errealitatea eta aurrerapausoak emateko ezarritako neurriak?
Hiru hamarkada bete ditugu hezkuntzan, hedabideetan, helduen euskalduntze arloan edo administrazioan euskararen erabilera antolamenduen barruan txertatzeko lanetan. Gorabehera guztien gainetik, uste dut emaitza onak lortu ditugula, alderdi askotatik begiratuta. Aldiz, lan munduan gauzak motelago eraman ditugu, salbuespen batzuk albora utzita. Euskararen biziberritze prozesua hartzen ari den bide berrietan, nahitaezkoa da lan munduaz sendo pentsatzea, eta orain arte garatu diren praktika onetatik ikasi eta aurrera egiteko ekimenak bultzatu behar ditugu.
Hizkuntza aditu bezala, zein zailtasun ikusten dituzu egunerokotasunean (administrazioan edo enpresa munduan) eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Ez da esparru erraza, lan munduarena. Ekonomia munduari begira bizi da, gero eta gehiago, euskarak balio urria du munduan barrena lehiatzeko... Kanpoan lehiatzeko ez, agian, baina barruan errotzeko tresna baliagarria izan daiteke euskara, enpresa askorentzat. Alde batetik, langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izateko baldintza egokiak sortu behar dira, enpresarien eta sindikatuen lankidetzaren bitartez; bestetik, hizkuntzen kudeaketa eta hizkuntza ohituren aldaketa enpresaren kulturaren barruan txertatu behar da. Esan ohi da laneko hizkuntza aldatzea benetan zaila dela, baina hori lortzen duen enpresak, agerian uzten du gai izango dela beste berrikuntza guztiei aurre egiteko.
Etorkizunera begira, zer eskaini beharko genioke euskaldunen sare profesionalari?
Orain arte Enpresarean egitasmoak eskaini duena: jakintza partekatzea, elkarrengandik ikastea, besteren berri izatea, ahaleginduz gero emaitzak izaten direla jabetzea, euskarak balio erantsia ekar diezaiokeela ikusaraztea. Webgune berriak ederki jasotzen du ikuspegi hori, lehen baino hobeki indartuta, batik bat ikus-entzunezko informazioaren bitartez.
Esan ohi da laneko hizkuntza aldatzea benetan zaila dela, baina hori lortzen duen enpresak, agerian uzten du gai izango dela beste berrikuntza guztiei aurre egiteko
Bukatzeko... 2018 Enpresarean Azoka. Zein gai mahai gaineratuko zenuke? Norekin?
Gipuzkoako Foru Aldundia garenez, nahi nituzke Gipuzkoako enpresak ikusi Enpresaren azokan aurten. Enpresa aurreratuak ditugu gure lurraldean, baita euskararen erabileraren esparruan ere. Horrez gain, eskertzekoa litzateke Euskaraldia ekimenaren bidetik enpresetan garatzen hasi diren esperientziekin lotura bat izatea azokak.