Komunikazioan, marka estrategian eta ikus-entzunezko ekoizpenetan aditua da Arteman Komunikazioa agentziako zuzendaria den Gorka Etxabe aretxabaletarra. Marken garapen eta ikusgarritasunaren bila barneraturik dabil Etxabe, erakundeen komunikazioari balio gehigarria eskaintzeko giltzarria topatu nahian. Enpresarean-en parte-hartzen du, profesional gisa eta Arteman kooperatibaren izenean; gainera, Enpresarean TB kanala estreinatu zuen martxoaren 2an.
Enpresarean TB kanala ireki duzu. Azalduko diguzu zertan datza eta nolakoa izan den hitzaldia zuzen-zuzenean eskaintzearen bizipena?
Erronka polita izan da eta nolabait itzuli naiz nire komunikazio-kazetaritza garaiko hasierako urteetara, GOIENAn albistegiak aurkezten nituen garaietara. Jende aurrean hitz egitera ohituta nago baina kamera baten aurrean, ikusten ez dituzun ikus-entzuleen aurrean hitz egitea beste kontu bat da, zailagoa. Edozelan ere esango dut bizipen polita izan dela, oso interesgarria eta Enpresareanek bere eskaintza zabalean beste mugarri bat jarri duela uste dut.
Uste dut Enpresarean TB edozein enpresarentzat, erakunderentzat edo komertziorentzat dela interesgarria. Batetik zure enpresa ezagutzera emateko baliatu dezakezu kanala eta, aldi berean, zure eskaintza eta zerbitzuak balioan jartzeko erakusleiho aparta da. Gure sarean dagoen edozeini esango nioke aukera aprobetxatzeko. Seguru nago enpresa asko daudela oso proiektu interesgarritan buru belarri murgilduta eta horiek ikus-entzuleekin konpartitzea oso interesgarria izan daiteke.
Enpresarean egitasmoa ondo ezagutzen duzue Arteman Komunikaziotik, eta proiektuaren bilakaera ere gertutik bizi izan duzue. Zeintzuk izan dira horren pauso nagusiak eta euskal profesionalei egindako ekarpenak?
Ezer baino lehen gustatuko litzaidake aipatzea enpresa izaera dela garrantzitsuena sare honetan. Alegia, proiektuen errentagarritasuna eta lehiakortasuna ezinbestekoa dela eta, Enpresarean, gure proiektuen bideragarritasun eta negozioa bilatzeko beste sare bat dela, oso interesgarria. Non enpresa asko gauden, oso bestelako eskaintzak egiten ditugunak eta gure artean ezagutzeak ahalbidetzen du negoziorako beste lerro bat. Horri gaineratu behar diogu sentsibilitate berezia hizkuntzarekiko, euskaraz lan eta bizi daitekeela uste dugunok asko gara eta horietako asko gaude Enpresareanen. Euskal profesionalak animatuko nituzke sare honetan parte-hartzera.
Uste dut Enpresarean TB edozein enpresarentzat, erakunderentzat edo komertziorentzat dela interesgarria. Batetik zure enpresa ezagutzera emateko baliatu dezakezu kanala eta, aldi berean, zure eskaintza eta zerbitzuak balioan jartzeko erakusleiho aparta da.
Profesional eta enpresaren ordezkari gisa, zein esango zenuke dela egungo euskal enpresen egoera? eta, hutsune edo erronkak?
Euskal Herrian oso momentu interesgarria bizi dugula uste dut. Aukera ugariren garaia da. Kanpoan zein mugaz barne. Gure artean eta nazioartekotze prozesuetan. Euskal Herria herri langilea da, baina aldi berean sortzailea eta ekintzailea da. Ezaugarri horiekin guztiekin oztopo ugari gainditu daitezke. Uste dut krisi ondorengo garaia bizi dugula, itxaropen garaia, lan-zerrenda luzeen garaia eta aprobetxatu beharra daukagu. Hutsuneak baino, aukerak aipatuko nituzke, eta erronkak asko izango dira.
Zure zuzenekoan enpresa osatzen duten pertsonetan jarri duzu fokoa, erakundearen ikusgarritasun eta erreputaziorako izarrak. Pertsona horiek zein hizkuntzatan lan egiten duten garrantzitsua al da?
Noski dela inportantea. Pertsonak dira proiektuaren lehiakortasunaren giltza. Eta noski, pertsonak dira gure erakundeetako enbaxadore nagusiak. Haiek dira gure enpresen ospearen transmisoreak. Hizkuntzen ezagutza eta erabilera ezinbestekoa da arlo horretan, askotan soilik hitzak erabiltzen baititugu komunikazio erreminta gisa. Gurean, euskararen erabilera oso garrantzitsua da. Baita ingelesaren edo españolaren erabilera ere. Gure arrantza-lekua, ordea, Euskal Herria bada, euskarak gure lehen hizkuntza izan behar du.
Euskal Herrian oso momentu interesgarria bizi dugula uste dut. Aukera ugariren garaia da. Kanpoan zein mugaz barne. Gure artean eta nazioartekotze prozesuetan. Euskal Herria herri langilea da, baina aldi berean sortzailea eta ekintzailea da.
Zein balio du euskarak enpresa, negozio eta komunikazioaz ari garenean?
Aurreko erantzunarekin jarraituz, euskarak garrantzi handia du gure enpresetan, negozioetan eta komunikazio erremintetan. Euskara barne kohesiorako da garrantzitsua. Euskara zerbitzu eta produktu eskaintzan da garrantzitsua, merkatu berriak lortzeko eta fidelizatzeko. Euskara arlo komertzialean da garrantzitsua gure herriko enpresa askorentzat. Euskara eraldaketa sozialarekin lotutako estrategiatan da garrantzitsua. Euskara balio bereizgarria izan daiteke oso helduak diren merkatuetan... Dudarik gabe, euskarak biderkatu egiten du, inoiz ez zatitu.
Enpresarean Azoka 2016 edizioaren aurkezle ere izan zara. Nola laburtuko zenuke saioa eta bertan bizitako giroa?
Aurten ere izango da Enpresarean Azoka eta ezagutzen ez dutenei esango nieke etortzeko eta parte-hartzeko. Oso foro interesgarria dela deritzot. Ikasteko, negozioak egiteko, lan komertziala burutzeko... Norberak aprobetxatu dezake Enpresarean Azoka bere interesen arabera eta seguru nago probetxua aterako diola. Ni aurkezle izan nintzen 2016an, Orona Ideon izandako saioan, eta ikasteaz gain, gozatu egin nuen.
Enpresarean Azoka 2018 aurrean dugularik, zein gai aurkeztu nahiko zenuke eta norekin eztabaidatu nahiko zenuke mahai-inguruan edo osteko luntxean?
Gai interesgarriak asko izan daitezke. Talentoa erakartzeko estrategia ezberdinen inguruan mahai inguru batean gustura parte hartuko nuke. Enpresa eta erakundeek gure gizartearen garapenean eta eraldaketa sozialean dugun egitekoaz ere gustura arituko nintzateke. Komunikazioaren ikuspegitik, erakunde eta enpresa handiek ospearen inguruan garatzen dituzten estrategiak ezagutzea gustatuko litzaidake, Erantzukizun Sozial Korporatiboa nola bideratzen duten ospearen mesedetan... Asko dira gaiak eta seguru nago aurten ere Enpresarean Azoka oso interesgarria izango dela.