Berriakrss

Marije Etxaniz: "Euskaldunak izan, euskaraz pentsatu eta sentitzen dugunok, lanean euskaraz eraginkorragoak gara".
Enpresarean

Marije Etxaniz: "Euskaldunak izan, euskaraz pentsatu eta sentitzen dugunok, lanean euskaraz eraginkorragoak gara".

2018-04-11 - Enpresarean

MARIJE ETXANIZ


 

LABORAL Kutxako komunikazio sailaren buruan dago Marije Etxaniz. Euskal Herriko berrikuntza eredu eraldatzaileetan dituzte jarriak indarrak; erronka horretan, hizkuntza elkarlanerako ezinbesteko baliabidea dute. Azken Enpresarean Azokan, Egibar izan genuen finantzazio aukera berrien inguruan hitz egiten eta gaur, enpresarean.eus webgunea berritu dugula, proiektua haien betaurrekoetatik ezagutu nahi izan dugu.

 

Enpresen eta profesionalen sarea. Enpresarean. Nola aurkeztuko zenioke proiektua ezagutzen ez duen norbaiti? 

Enpresa eta profesionalak euskaraz sarean elkartzeko helburua duen egitasmo bezala aurkeztuko nuke Enpresarean. Euskaraz jarduteko konpromisoa nabarmenduko nuke, bereizgarri nagusi bezala.

Laboral Kutxaren ikuspegitik, zein ekarpen egin dezake Enpresarean bezalako proiektu batek finantza eta negozio sarean?

Lehen aipatu bezala, ekarpen nagusienetarikoa, nire ustez, harremanak euskaraz sustatzea da. Modu eraginkor batean euskaraz lan egin nahi duten pertsona eta entitateak elkar topatzeko aukera eskaintzen du. Hornitzaileak, bezero berriak, kolaboratzaileak... sarean topa ditzakegu.

Enpresareanek modu eraginkor batean euskaraz lan egin nahi duten pertsona eta entitateak elkar topatzeko aukera eskaintzen du.

Nolakoak izan beharko lirateke elkarlanerako topaguneak?

Enpresarean webgune berriak laguntza eta baliabide interesgarriak ipintzen ditu euskal profesionalen sarearen eskura.  Hala ere, ez nituzke alde batera utziko foro, azoka eta horrelako ekimenak. Pertsonen arteko harreman zuzenek garrantzi itzela dutela pentsatzen dut.

LABORAL Kutxan beti sentitu izan gara euskal giroan eta  euskararen normalizazioan pauso handiak eman ditugu. 

Nolakoa da euskararen erabilera finantza eta negozio munduan?

Tamalez, ez da nahiko genukeen bezain handia. Baina euskaldunok, zorionez, gero eta exigentzia maila altuagoa daukagula esango nuke eta bide horretatik jarraitu behar dugu. LABORAL Kutxan beti sentitu izan gara euskal giroan eta  euskararen normalizazioan pauso handiak eman ditugu. 

Negozioak eta elkarlana, euskaraz. Zergatik?

Euskaldunak izan, euskaraz pentsatu eta sentitzen dugunok, lanean euskaraz eraginkorragoak garelako. Gure hizkuntza zaindu eta mantentzeko konpromisoa daukagulako. Euskara baliatzea gure eskubide bat delako. Eta azkenik, euskara ikasten ari direnek eta euskara egoera guztietan erabiltzera ausartzen ez direnek, euskararenganako pauso bat emateko modu bat delako.

Bukatzeko... 2018 Enpresarean Azoka. Zein gai mahai gaineratuko zenuke? Norekin? 

"Eta euskara, mundu digitalean?" Galdera horri erantzuna eman diezaioketen parte-hartzaileak topatzen saiatuko nintzateke. Online produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresak, sare sozialak, bilatzaileak... Zer gertatzen da gure hizkuntzarekin mundu digitalean? Zer egin dezakegu euskal sareak mundu digitalean ere gure hizkuntzaren presentzia bermatzeko?