Berriakrss

Industriaren geroan, euskara ondoan. - Alexander Arriola (SPRI)

2018-04-20 - Enpresarean

ALEXANDER ARRIOLA

 

Eibarretik etorria, Euskal Herriko industria buruan dago Alexander Arriola, SPRIko zuzendari nagusia. 2013 urtean hasi zen Eusko Jaurlaritzan lanean, baina aurretik Gamesa eta Cie Automotive bezalako enpresetan erosketa buru gisa jardun zen, mundu mailako merkatuari begira.

Nazioartekotzea, teknologia, berrikuntza, informazioa edo proiektu estrategikoak tankerako gaiak dira eguneko menuaren osagai nagusiak Arriolarentzat, euskal profesional eta enpresen garapenaren giltzarriak. Industria 4.0 da plater izarra, egun SPRI Taldean pil-pilean duten arlo estrategikoa. Enpresarean Foroan izan genuen kontzeptuari buruz hitz egiten eta Euskal Herriko enpresen egoera eta erronka berriak sareko profesionalekin partekatzen.

SPRI Taldea Enpresarean egitasmoaren babesle eta ezinbestekoa laguntzaile da; hori dela eta, bere zuzendari nagusiarekin izan gara, Euskal Herriko enpresa eta profesionalen proiektuari buruz hitz egiteko.

Alexander Arriolak azaldu digu SPRI-k Euskal Herriko lehiakortasuna bermatzea duela helburu, hiru alor hauetan oinarriturik:  teknologia, nazioartekotzea eta enpresen arteko lankidetza. Bide horretan, Enpresarean proiektuan ekarpen berezia egin nahi dute, enpresen arteko sare eta konexioak erraztuz, ekintzen berri emanez, parte-hartuz, etab.

 

Industria + euskara = 4.0

SPRI Taldeko egoitzan Industria 4.0 kontzeptua arnasten da,  “mundu mailatik lantzen ari den paradigma berria, non digitalizazioak geroz eta garrantzia gehiago duen, gure produkzio tresnetan, produktuetan, lan egiteko moduan edo-eta bezeroari eskaintzen diogun arretan”. Esfera horretan, Arriolak azpimarratu duen bezala, “euskarak badu bere lekua eta horren indarra erabiltzaileon eskutan dago, horregatik oso garrantzitsua da argi izatea euskara izan behar dela gure hizkuntza eguneroko lanean”.

 

Hutsuneen aurrean, erantzukizun publikoa

Alexander Arriolak uste du euskararen egoera hobetu dela, baina argi dauka aurrera egiteko bidea gelditzen dela. SPRI Taldearen zuzendariaren esanetan, euskal erakunde bat izanik, euskara eta horren integrazio zein erabilera kontzientzia zabaltzeko ahalegina egiteko konpromisoa dute. Era berean, azpimarratu du zein garrantzitsua den instituzioek honetan lan egitea, asko baitute egiteko eta enpresa sarearentzat eredu izan behar direlako.

 

Enpresarean Azoka, teknologia eta euskara geroan

Enpresareanek beste ikuspegi bat eskaintzen dio profesionalari. Arriolak esan bezala, enpresa eta profesional saretik antolaturiko ekintzek erakusten dute eguneroko lana euskara hutsean egin daitekeela, profesionalen artean hizkuntza gaitasuna eta baliabideak badaudelako.   

Enpresarean Azoka 2018 ekitaldiari begira jarri garenean, Arriolak ez du zalantzarik izan eta gaia teknologia berrietan kokatu du, geroan. Euskara ere etorkizunean kokatu behar baitugu. Industria 4.0, zibersegurtasuna, mundu mailako teknologia modelo berriak, lan profil berriak... gai oso garrantzitsuak dira eta Euskal Herrian baditugu aditu asko, maila altuko hizlariak, Enpresarean Azokan elkartzeko prest.