2018-06-14 - Enpresarean
Innobasquek Berrikuntzaren Eguna egin du Donostian, eta 600 enpresak parte hartu dute. EAEko enpresek Europako Batasuneko batez bestekoa baino gutxiago inbertitzen dute I+Gn oraindik
Aldaketak gertatu dira berrikuntzaren esparruan. «I+G arloko inbertsio mailak berreskuratzen ari diren garaiotan, aldatu egin da testuingurua krisi aurreko egoerarekin alderatuta». Innobasqueko buruek errealitate berri bat irudikatu zuten atzo Donostiako Kursaalean egindako Berrikuntza Egunean. 2018ko berrikuntzaren txostena aurkeztu zuten, eta errealitate berriaren sei alderdi jaso zituzten bertan. Bestek beste, joera berri bat dago: lehenengo aldiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek (ETE) enpresa handiek baino pisu handiagoa izan dute berrikuntzan egindako inbertsioetan; zehazki, enpresa ertainek I+G arloko inbertsioen %35 pilatu zituzten 2016an —ordukoak dira Innobasqueren azken datuak—, eta enpresa handiek, %34.
Manu Salaberria Innobasqueko presidenteak eta Leire Bilbao idazkari nagusiak esplikatu zuten aldaketa horren zergatia. «I+G arloan inbertitzen duten enpresa handien kopurua esanguratsua zen, baina krisiak murriztu egin du enpresa handien kopurua». Hau da, enpresa handi gutxiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, horregatik, enpresa ertainak berritzaileagoak dira proportzioan. 50 eta 250 langile bitarteko enpresak dira ETEak, eta 250 langiletik gorakoak enpresa handiak.
Dena dela, Salaberriak azpimarratu zuen ETEek «ahuleziak» dauzkatela oraindik ere berrikuntzari dagokionean, EB Europako Batasuneko beste eskualde batzuekin alderatuta. Nagusiki, bi arlotan dira ahulak: batetik, berrikuntza gutxi egin dituzte enpresaren antolaketan eta merkaturatzean edo marketinean. «Zehatz-mehatz esanda, Europako enpresen %35,9k egin zuten era horretako berrikuntzaren bat 2012 eta 2014 bitartean; aldiz, Euskadiko enpresen %21,5ek baino ez zuten egin».
Edonola ere, Innobasqueko buruek azaldu dute txikitzen ari dela bertoko eta EBko berrikuntza mailaren arteko tartea. Horren adibide, Bilbaok azaldu du 2016an inbertsioak handitu egin zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2012tik lehen aldiz. Bilbaok nabarmendu zuen EAE dela «berrikuntza handiko eskualde gisa kalifikatutako [Espainiako] estatuko eta ia Europa hegoaldeko eskualde bakarra».
Albiste osoa irakurtzeko: BERRIA - Jon Fernandez
ARGAZKIA: JON URBE - FOKU