Gaurkoan Joxe Luix Agirretxek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren Euskara Sailaren arduradunak, Enpresarean TB zuzenekoa eskaini digu, "euskara, garapen agentziaren eragile" izenburupean.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren ibilbidea aurkeztu digu Agirretxek eta arlo sozioekonomikoa eta herritarren bizi kalitatea hobetzearen beharretik sorturiko euskara sailari buruz hitz egin du. Lan handia egin dute eta egiten ari dira euskara eskualdeko enpresen artean eta gizartean integratzeko; baina ez hori bakarrik; arreta handia eskaintzen diote euskararen erabilera bermatzeari, barne mailan, langileen artean, eta kanpo harremanetan. Euskara planak sustatzen dituzte inguruko entitateetan; era berean, lan munduan eta merkataritza eta ostalaritzaren eragiten saiatzen dira. Horren adibide da abian duten OLA plana, enpresetan hizkuntza kudeaketa planak martxan jartzea bultzatzen duen egitasmoa.
Ibilibidea oso positiboki baloratu du Agirretxek eta nabarmendu du zein garrantzitsua den euskara lan-lerro bezala txertatzea. Gaur egun, euskara sailaren arduradunak esan bezala, "Oarsoaldea Garapen Agentziak ia euskara hutsez funtzionatzen du", bai lanean, bai zerbitzuan, euskara bermatuta dute, balio gehigarri eta garapenaren adierazgarri gisa. Agentziak Bai Euskarari Ziurtagiriaren "Zerbitzua Euskaraz" maila dauka eta seguru gaude maila gorenera iristeko bidea egiten jarraituko dutela.