Teknologiaren horizonteak deskubritu nahian, etorkizunari begira jarri gara Talaios kooperatibako Gorka Juliorekin. Gure ezustekorako, gizarte haustura bat egongo dela iragarri digu, baina ez digu informazio gehiagorik eman. Biharkoak baino gehiago, gaurko herriaren ongizateak kezkatzen du eta elkarrizketa esaldi “ziberpunk” batekin abiatu du: “Etorkizuna orain da, baina ez dago ongi banatua”.
Horrela dio zure deskribapenak Talaios Kooperatiban: “Komunikazioan eta teknologia sozial eta libreetan aditua. Ekonomia sozial eraldatzailearen sustapen eta zerbitzu teknologikoen arloan zubi lanean aritzen da”. Laburrean, nor da Gorka Julio?
Komunikazioa betidanik interesatu zaion eta informatikaren teknologia lanbide gisa hautatu duen pertsona; eta orain kooperatibista, kooperatibismoan eta ekonomia sozialean interes berezia duen pertsona bat.
Etorkizuneko teknologietara egokitutako aholkularitza eta garapen zerbitzuak eskaintzen dituzue. Zein da etorkizuneko teknologia hori?
Teknologia beti egon da eta egongo da. Etorkizuneko teknologia asko hemen daude jada... esaldi “ziberpunk” mitikoak dioen bezala, “Etorkizuna orain da, baina ez dago ongi banatua”. Batzuk gizarteratzera iritsi ez badira ere, sozializatzera helduko dira, adibidez, sentsore sareak, gorputzei lotuta dauden gailuak... denbora eta kultura kontua da; teknologiak gizarteratzeko muga batzuk gainditu beharko ditugu. Baina etorkizunari begirako erronka nagusia datuen paradigma izango da, burujabetzarena; azken finean, gizarte digital batean biziko gara eta datuen ustiapenak, jabetzak, erabilerak, pribatutasun arazoak... horiek guztiek markatuko dute XXI. mendea.
"Etorkizunari begirako erronka nagusia datuen paradigma izango da, burujabetzarena."
Askotan aritu zara burujabetza teknologikoaz hizketan.
Nire definizioa “Vía Campesina”-k erabilitako elikadura burujabetzaren moldaketa bat da: pertsonok, herriek eta komunitateek beharrak asetzeko eta haien mesederako teknologia eta gaitasunak baliatzea da. Burujabetza edo subiranotasuna ez da 0 edo 1, ez da digitala, eskala moduko bat baizik. Ez dago esaterik “Ni burujabea naiz”. Gainera, burujabetza ez da era indibidualean sortzen, elkarrekiko eraginez osatzen da, guztiok baitugu elkarrekiko beharra. Burujabetza tek-nologikoa prozesu kolektiboa da, izartearengandik eta gizartearen mesederako sorturikoa. Hori horrela, herri mailan jabetu behar dugu monopolioa hartzen ari diren enpresa handiek kolektiboaren burujabetza maila txikitzen dutela, haiek inposaturiko joerek markatzen dituzten teknologiak erabiltzera behartuta baikaude. Horrela sentitzen dut nik behintzat. Horren aurrean, gure beharrak nola asetu nahi ditugun eta zein teknologia erabili nahi dugun erabakitzeko gai izan beharko genuke. Gaitasun horrek burujabe egingo gaitu.
Hor eta hemen ikusten zaitugu beti, hamaika proiektutan sarturik. Zure ibilbidetik, zer nabarmenduko zenuke?
Niretzat Talaios Kooperatiban sortzea izan da garrantzitsua, bere bitartez bideratzen baitira nire grina guztiak: formazioa, komunikazioa, kolaborazioak, garapena eta teknologia... Kooperatibismo eraldatzailearekin gelditzen naiz; Talaios-etik harago, inguruan sortzen ari garen Olatukoop sarearekin.
Eragin-sortzailetzat duzu zeure burua?
Ez dut sinesten gurea bezalako mobida batean nik esaten dudana izugarrizko eragina duenik eta ez dut hori bilatzen, baina polita da jendeak esatea nonbaiten irakurri edo entzun zaituela.
Enpresarean Azokan izango zara eta etorkizuna ulertzen lagunduko diguzu.
Horretarako bi erreferentzia ditut: Politika-entsaioa eta zientzia-fikzioa. Batak etorkizun oso posible bat jartzen digu aurrean, eta, besteak, alegiazko etorkizun
bat, ezinezkoa batzuetan, baina pentsarazteko balio duena eta niri laguntzen didana. Orain, etorkizunari begira jarrita, biak ari dira gertatzen: alde batetik, aurreikusten zaila da etorkizuna, aldagai asko baitaude jokoan; baina, etorkizuna baldintzatzeko inoiz baino gaitasun handiagoa dute batzuek.
"Alde batetik, aurreikusten zaila da etorkizuna, aldagai asko baitaude jokoan; baina, etorkizuna baldintzatzeko inoiz baino gaitasun handiagoa dute batzuek".
Automatizazioa, errobotizazioa, lanpostuen desagertzea... urduri xamar jarri dira batzuk.
Beti gertatu izan da. Gaur egungo berezitasuna izan daiteke adimen artifiziala. Alde batetik, pertsonen lan kognitiboak ordezkatzera iritsi daiteke, baina, bestetik, beharrezkoa da teknologia hori programatuko, entrenatuko eta bere arazoak konponduko dituzten pertsonak egotea. Hori bai, makina batek gure lana ordezkatu ahal badu, gaur edo bihar gertatuko da. Erronka horrek gizartearen erantzuna behar du, kolektiboa, guztion mesederako eginda eta, horrela, ez da horren dramatikoa izango; bestela, norbanako bezala, pertsona asko zaborrontzira botako ditugu. Galdera da zer egiteko prest gauden, nahiz eta lanpostua galdu, gizarte bezala hobeto bizitzeko mekanismoak martxan jartzeko. Begirada hor jarri behar dugu, bestela jai dugu.
"Galdera da zer egiteko prest gauden, nahiz eta lanpostua galdu, gizarte bezala hobeto bizitzeko mekanismoak martxan jartzeko".
Enpresarean Azokaren solasaldian, Mari Jose Aranguren, Imanol Esnaola, Sebastian Zurutuza, Ixaka Egurbide eta Iker Barrenarekin arituko zara honetaz guztiaz. Zer espero duzu mahai inguru horretatik?Baduzu zerbait partekatzeko interes berezirik?
Ez, ez... Bakoitzak bere begiradatik ekingo dio eta... Bueno bai, gauza bat bai: datuak ez dira neutralak eta bakoitzaren begiradaren atzean, nahiz eta datuak erabili, bakoitzak bere ikuspegia du. Guztiok erabili dezakegu objetibotasuna, baina denok dugu ideologia bat atzean. Nik hasieratik argi utziko dut zein den nire perspektiba; beraz, nahiko nuke solaskideak ere neutraltasunetik ateratzea eta proposamenak egitea, zehaztasunez. Esplizitatzea zer dagoen atzean, nik egingo dudan bezala, nik egingo dudalako.
Eta orain, irudikatu ditzagun etorkizuna. 2050 urtea. Zer ikusten duzu?
Galdera hori ezin dut erantzun. Benetan... Nik esango nuke ezin dela aurreikusi eta, ahalko balitz, ez nuke aurreikusi nahiko, baina zerbait gertatu behar da...