Nolakoa izango da 2050ean Euskal Herria? Nolakoak izango dira Europa eta mundua? Makinek euren kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna izango ote dute? Nolakoa izango da lana eta zenbat garatuko da teknologia? Inteligentzia artifizialak aginduko du? Milenium proiektua galdera horiei guztiei erantzunak eman nahian ari da 1996 urteaz geroztik, eta proiektu horretan ari da lanean Ibon Zugasti donostiarra. Analista eta aditua da Ibon, eta arlo horretan Euskal Herrian ezagutza gehien duenetarikoa.
Ezer baino lehen, Ibon, lasaitu dezagun irakurlea. Nolakoa izango da gure gizartea 2050ean?
Aurreratzea da gakoa eta lan handia dugu egiteko, baina ondo bideratzen badugu, etorkizunera begira baikorrak izan gaitezke. Eraldaketa eta transformazioa ondo prestatzen baditugu, teknologiaren garapenak onurak ekarriko dizkigu.
Aurrea hartzeaz ari zara eta, hain justu, bide horretan Prospektiker Milenium proiektuan ari da lanean.
Prospektiker Milenium proiektuko kidea da. Orain dela bi-hiru urtetik aztertzen ari gara nolakoak izango diren lan arloa eta teknologia 2050. urtean. Eta noski, nolakoak izango diren garapen horren ondorioak gizartean. Azterketa horretan hiru agertoki irudikatu ditugu eta aztertzen ari gara horietako bakoitzean zer gerta daitekeen. Hau da, zein eragin izango dute automatizazioak, digitalizazioak eta 4.0 iraultza industrialak?
Beldurra ematen du pentsatzeak nolakoa izango den gure gizartea 30 urte barru.
Hiru agertoki posibleetako bi oso ezkorrak dira. Ez badugu ezer egiten, teknologiak pertsonak ordezkatuko ditu lanpostuetan. Langabezia izugarri haziko da mundu mailan. Hau da, Inteligentzia artifizialaren garapenak modu esponentzialean ordezkatuko du pertsonen lana. Gainera, aldaketa hori modu azeleratuan ematen bada, emaitza oraindik eta okerragoa izango da. Migrazioa areagotuko da eta noski arazo sozial izugarriak sortuko dira.
Bigarren agertoki honetan, aberats eta txiroen arteko diferentziak izugarri handituko dira.
Badirudi baikorrak izateko aukera gutxi ditugula.
Ez, badago itxaropena. Hain justu hirugarren egoera bat ere irudikatzen dugu; ‘Ekonomia auto-errealizadorea’ deritzoguna. Aldaketa izugarri horri epe handiarekin aurre egiten badiogu eta politikak eta neurriak hartzen baditugu, automatizazioak eta digitalizazioak onurak izan ditzakete.
Beraz, neurriak hartzen hasi beharra daukagu.
Eraldaketa sustatzen hasi behar dugu hezkuntzaren arloan. Era berean, ekintzailetasuna bultzatu behar dugu. Teknologia aldaketaren paradigmarekin sistema ekonomikoa deszentralizatuko da eta mundu mailan euren ahalmena garatzeko aukera gehiago izango dute ekintzaileek. Gobernuek zein enpresek aldaketa hori egiteko prest egon behar dute eta horretarako aurrekontuak handitu behar dituzte. Laburbilduz, hezkuntza sistema eraldatu behar dugu, enpresen jokaera aldatu behar dugu eta pertsonok gehiago integratu behar dugu enpresetan.
Hirugarren bide honek izan behar du gure iparra?
Guk ez ditugu Afrikak edo Asiak izan ditzaketen demografia hazkunde arazoak. Guk beste era bateko arazoak ditugu. Gurean, agian, pertsonak faltako dira lanerako. Guretzat gakoetako bat hezkuntza izango da, Lehen Hezkuntzatik Unibertsitatera, edo-eta Lanbide Heziketara. Gizakien ekarpena eta gaitasuna egokitu behar dira makinek eta inteligentzia artifizialak eskaini dezaketenaren mailara.
Hasieran 2050 urtea aipatu duzu. Hori da aldaketa izugarria gauzatzeko epea?
Inteligentzia artifizialak 2040ko hamarkadan eragingo ditu aldaketarik handienak. Inteligentzia artifizialak abiadura moteletik handira egingo du jauzia eta erabatekoa izango da aldaketa 2045etik aurrera. Gizakiaren inteligentziaren mailara iritsiko da artifiziala. Hala diote adituek.
Industria 4.0 estrategia, hezkuntza sistemaren eraldaketa, Gobernantza eredu berriak... horiek dira epe motzeko egitasmoak, baina horien ondoren zer da martxan jarri behar duguna?
Lanerako bost alor markatu ditugu Milenium-en eta arlo horietan ari gara lanean. Zientzia eta teknologian egin beharreko eraldaketak; administrazioan eta Gobernantzan egin beharrekoak; enpresetan martxan jarri beharko direnak; kulturan eta gizartean martxan jarri beharrekoak; eta hezkuntzan martxan jarri direnak. Alor horietako bakoitzean estrategiak zehaztu ditugu eta ekintza zerrendak jarri ditugu. Eremu bakoitzari egokitutako estrategiak dira, baita esparru geografiko bakoitzari egokitutakoak ere.
Eta nolakoa izaten ari da bilakaera?
Guztira 15 erronka eta 30 adierazle ditugu. Eta, horien arabera, bilakaera aztertzen dugu. Esan dezaket arlo ekonomikoan eta sozialean, orokorrean, mundua hobeto dagoela. Ekonomia hazten ari da, pobrezia gutxitzen ari da, teknologiek gero eta presentzia hobea dute. Hori bai, ingurumenari dagokionez, bilakaera ezkorra da, eta arlo horretan egoerak txarrera egin du nabarmen. Laburbilduz, esan daiteke objetiboki mundua hobeto dagoela baina zenbait arlotan, bereziki ingurumenean, txarrera egin duela.
Nola sortu zen Milenium taldea?
Milenium proiektua 1996an jaio zen Nazio Batuetatik irtendako talde batek sustatuta. Pentsamendu independentea landu nahi zuten, gobernu eta Administrazio zein botere ekonomikotik kanpo. Etorkizunera begira Milenium proiektuak etorkizun bideragarria nahi du. Urtean behin argitaratzen dugu txosten bat, ‘Etorkizunaren egoera’ izenekoa, eta bertan urtetik urtera izandako bilakaera argitaratzen dugu.