Berriakrss

Agustin Mendiola, Erkideko zuzendaria: "Errealitate berrira egokituko den lege bat behar genuen"
Ekonomia

Agustin Mendiola, Erkideko zuzendaria: "Errealitate berrira egokituko den lege bat behar genuen"

2020-01-02 - Enpresarean

Bi agintaldi, bi saiakera eta negoziazio luzeak behar izan ditu kooperatiben lege berriak, baina adostasun zabalarekin onartu du Eusko Legebiltzarrak azkenerako. Pozik azaldu da Agustin Mendiola Erkide Euskadiko Kooperatiben Federazioko zuzendaria legea onartu berritan, prozesu luze baten ondoren aintzat hartu direlako sektorearen urteetako eskariak. «Bazen garaia azkenik legea onartzeko».

Berria-n Mendiolari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona:

Aurreko legealdian ezerezean geratu ostean, bigarren saiakeran ere legea ez onartzearen beldur izan zarete?

Batzuetan beldur izan gara, bai, legebiltzarreko prozesuan etenaldi asko izan direlako. Batez ere hauteskunde prozesuen ondorioz, baina gero, zuzenketak eztabaidatzeko epeak ere behin eta berriro luzatu dira, eta hauteskundeak aurreratuko ote ziren hasi ziren esaten hedabideak.

Lege berriak 1993koa ordezkatuko du. Hainbeste aldatu dira kooperatiben beharrak azken urteetan?

Mende laurden baino gehiago igaro da 1993tik, epealdi oso luzea. Denboraldi horretan inoiz izan den enpresa krisialdirik handiena gertatu da, sekulako iraultza teknologikoa etorri da, merkatuak globalizatu dira, eta enpresen arteko lehia izugarri handitu da. Bestalde, euskal kooperatibismoak egun 10.000 milioi eurotik gorako fakturazioa du urtean, eta horretatik %60 baino gehiago nazioarteko merkatuetara bideratzen du. Errealitate berri batean gaude, eta agertoki horretara egokituko den lege berri bat behar genuen.

Zer ekarpen egingo die legeak kooperatibei? Aldaketa handiak ekarriko ditu?

Gure iritziz, legeak aldaketa eta ekarpen berriak jasotzen ditu, kooperatibak gaur egungo errealitatera egokitzeko balio izango dutenak. Besteak beste, egungo iraultza digitalera eta IKT Informazio eta komunikazio teknologietara egokitzen da; bazkideen erantzukizunaren mugak sendotzen ditu; gobernantza kooperatiboan sakontzen du; eta gaur egun sakabanaturik dagoen araudia testu bakar batean biltzen du.

Lege berriak bazkideak babestuko ditu, erantzukizuna haien kapital sozialera mugatzen baitu soilik. Ez zegoen argi aurreko legean?

Bazkideen erantzukizuna mugatzearen aldeko jurisprudentzia bazegoen, baina, gai hori hain delikatua zenez, muga hori argitu eta indartu egin da.

Fagor Etxetresnen porrotaren arrastoa nabarmena da lege berrian, beraz.

Etorkizunean gauzak hobeto egiteko aukera emango diguten konklusioak atera behar ditugu gertaera hartatik. Aurreko krisialdiak enpresa guztietan izan du eragina, baita kooperatibetan ere, hein handiagoan edo txikiagoan.

Bazkide ez diren langileen gehienezko kopurua %30era handitzeak eztabaida handia eragin zuen legebiltzarrean. Zein behar dituzte kooperatibek muga hori handitzeko?

Kopurua %25etik %30era handitu da arau hori enpresaren hazkunderako oztopo ez izateko; hau da, merkatu berriak, fakturazioa eta behar diren giza baliabideak handitu ahal izateko. Izan ere, gure beldurra zera da: kooperatiba batek izan lezakeen aukera bati erantzuteko enplegua handitzea eta, azkenean aukera hori gauzatzen ez bada, behar baino enplegu kooperatibo gehiago izatea. Horrek arriskuan jar lezake enpresaren bideragarritasuna, ustiapen kontuan sortuko litzatekeen desorekaren ondorioz.

Neurri horietaz aprobetxatuko denik ere egongo dela ohartarazi zuten alderdi batzuek, eta «prekaritatea» ekarriko duela.

Ez da horrela. Gure helburua beste bat da: kooperatiba berriak sortzen lagunduko du, eta daudenei iraunarazten lagunduko die. Nolanahi ere, esan dudanarekin zerikusirik ez duten beste helburu batzuekin erabil daitekeela? Gerta daiteke, bai. Halere, ziur nago hori ez dela gertatuko, kasu bakan batzuetan izan ezik. Eta, horrelako kasuak gertatzen badira, ziur egon nik ez dudala jokaera hori txalotuko. Eta, zalantzarik gabe, arau horrek emaitza positiboa izango du egungo kooperatibetako enpleguaren hazkundean eta kooperatiba berrien sorreran.

Kooperatiben printzipioen aurkako neurria dela ere aipatu da.

Ez zait iruditzen. Kontraesanezkoa ematen badu ere, bazkide ez diren langileen kopurua handitzearen helburua da eredu kooperatiboa sendotzea eta hazteko aukera gehiago izatea.

Lehen aldiz agertzen da legean negozioaren zati bat kooperatibatik ateratzeko aukera. Behar hori badute kooperatibek?

Legeak kasu espezifikoak identifikatzen ditu, hala nola kapitalaren edo kooperatibizatutako jardueraren murrizketa. Eta, beste aldetik, kooperatiba bat bereizteko aukera ere aurreikusten du, beste sozietate kooperatibo edo ez-kooperatibo batekin elkartzeko. Aukera horien helburua, nire ustez, enplegu kooperatiboak mantentzea da, kooperatiba batek izan lezakeen krisialdi batean.

Lanbideko administrazio kontseiluan ordezkaritzarik ez duzue izango oraingoz, hala ere.

Argi dago zergatik den: Confebaskek monopolioari eutsi nahi diolako. Beretzat nahi ditu ordezkaritza guztiak. Lanbideko legeak argi eta garbi esaten du nork izan dezakeen ordezkaritza eta nork ez. Eta gu egon gaitezke. Ia bi mila enpresa gara, eta sektore guztietakoak. Baina beldur handia duen gehiengo politiko bat dago.

Confebaskek esku hartze zuzena egin du legearen tramitazioan, gutun bat igorriz legebiltzarrera. Nola hartu zenuten zuek?

Portaera guztiz onartezina izan da. Lobbyen presio jarduerak izan behar dituen muga guztiak gainditu ditu. Horrelako jarrerek agerian uzten dute haien izaera. Eta, jakina, zerikusirik ere ez du parte hartzeko espirituarekin, zeina azkenaldian jokabide sozioenpresarialaren eredutzat hartzen duten.

Uste duzu lortuko duzuela ordezkaritza izatea?

Egoera oker baten aurrean gaude, eta lehenbailehen zuzendu behar dugu. Ziur nago konponduko dugula. Eusko Jaurlaritzako txosten baten arabera, eskubide osoa dugu Lanbiden ordezkaritza izateko. Ulertezina da Eusko Jaurlaritza bere txosten ofizialen kontra aritzea. Eta ulertezina da gai hori konponduta egotea Nafarroan eta hemen ez, kooperatibismoak han askoz ere pisu erlatibo txikiagoa izanik ere.

Erabakia juridikoa ez bada, politikoa da? Nori dagokio hori erabakitzea?

Munduko erreferente nagusiak gara enplegu kooperatiboan, eta ez da ulertzen Euskadiko botere publiko eskudunek gu Lanbidetik baztertzea eta ordezkaritza osoa eskaintzea eredu kooperatibotik oso urruneko eredu sozioenpresariala ordezkatzen eta defendatzen duen enpresa erakunde bati. Eusko Jaurlaritzak epaile gisa erabaki behar du, eta ez parte gisa, zein diren EAEn ordezkaritza handiena duten enpresaburuen elkarteak, araudiak dioen bezala. Eusko Jaurlaritzari dagokio erabakia, ez Confebaski.


  • Testuaren egilea: Aitor Biain
  • Argazkiaren egilea: Juanan Ruiz / Foku