Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabaldu dio aurten Udaltopek. Bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak bildu ditu aurtengo jardunaldiak. 450 pertsonak eman zuten izena eta bakoitzak bere etxetik gozatu zuen hamabigarren edizio honetaz. Jardunaldia osorik ikus daiteke ondorengo bideoan:
Hitzaldiak
Jon Sarasuak zabaldu zuen jardunaldia, Lan eremuko uhinaldiaz hitzaldiarekin. Aretxabaletarrak lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu ditu. Hogei puntutan aletu zuen uhinaldiaren inguruko gogoeta. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertu zituen: euskararen ibilbidearen logikari, egungo euskaldunen karakterizazioari, lan ildo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisioari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horietan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak planteatu zituen. Amaitzeko, etorkizun ikuspegi horri buruzko kontsiderazioak egin zituen.
Jarraian, Leire Canciok, Agirre Lehendakaria Centerreko tranferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduradunak, hartu zuen hitza, Lan eremuko uhinaldiari berrikuntza sozialetik so ponentziarekin. Sarasuaren hitzaldiaren gainen Agirre Lehendakaria Centerrek egindako ekarpenak eman zituen argitara, berrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren ikuspegitik.
Mahai ingurua
Mahai ingurua eta testigantza laburrez gozatzeko aukera izan zuten ondoren. Pilar Kaltzadak gidatu zuen mahai ingurua eta mahaiaren bueltan Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Leire Okarantza, Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkaria, eta Kike Amonarriz, Topaguneko presidentea, elkartu ziren. Besteak beste, hiru gai hauek jorratu zituzten: Jon Sarasuaren gogoeta; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen ari ziren ikus-entzuleek egindako galderak erantzun zituzten.
Testigantza laburrak
Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukera izan zen, testigantza moduan: Alea proiektuko Aritz Martinez de Lunaren, Maier S. Kooperatibako Kemen Goitiandiaren eta Agour gaztandegiko Peio Etxelekuren ahotik.