Itxialdiak eta urruntze sozialak enpresetan izan duen eraginari dagokionez, inkestan parte hartu duten pertsonen % 64k adierazi dute eragina txikia izango dela eta enpresak erraz egokituko direla egoerara; % 26,5ek, ordea, uste dute eragina nabarmena izango dela eta enpresek, arazo garrantzitsuak izango badituzte ere, funtzionatzen jarraituko dutela. % 0,7k soilik uste dute enpresak, seguru asko, ateak itxi beharko dituela, eta % 5,7k uste dute eragina nabarmena izango dela, enpresak kaudimen-arazoak izango dituela eta langile-taldea egokitu beharko duela. Era berean, bada egoeraren ondorioz bultzada izan duen enpresarik (% 3,4 soilik).
Kontsultan parte hartu duten pertsonen % 57k adierazi dute ekonomia globalizatuan Turismoak pairatuko dituela krisialdi honen ondoriorik larrienak. Bigarren postuan, % 22,9k merkataritza librea eta pertsonen joan-etorriak nabarmendu dituzte.
% 58,8k uste dute eutsi egingo zaiola enpresako langile kopuruari; % 25ek murriztu egingo dela; eta % 4,1ek soilik uste dute handitu egingo dela. Langile-taldeak murriztuko direla uste dutenen arabera, langileen % 25 gutxienez galdu egingo da.
Ekonomista gehienek uste dute ERTEak izan direla Administrazioek pandemiaren krisialdiari aurre egiteko hartutako neurrien artean eraginkorrenak. Bigarren postuan, nahikoa aldea tartean dela, abalak eta finantzazio-lineak daude, eta eraginkortasunari dagokionez azken postuan dago zergen etetea.
Enpresen fakturazioak behera nabarmen egitearekin batera, alarma-egoera hasi zenetik, handitu egin zen online fakturazioaren garrantzia. Hala eta guztiz ere, inkestan parte hartu duten % 60k baino gehiagok baieztatu dute beren enpresetan ez dagoela online fakturatzeko biderik. Online bidea dutenen artean, % 36,4k esan dute kanal horretako fakturazioari eutsi egin zaiola, % 32,6k okerrera egin duela, eta % 31k hobetu egin dela.
Covid-19ak eragindako egoerara egokitzeko enpresek hartu dituzten neurriei dagokienez, gehienek (% 76,5) baieztatu dute beren enpresan telelana ezarri dela, eta % 13k baieztatu dute enpresan ez dela horrelako neurririk hartu.
Profesional kolektiboaren egoera ekonomikoa
Ezohiko egoera gorabehera, ekonomista gehienek uste dute beren egoera ekonomikoa duela sei hilekoaren berdina edo hobea dela, eta % 35,6k uste dute okerrera egin duela. Lehendabizikoz, egoera ekonomikoak okerrera egin duela uste duten pertsonen portzentajea handiagoa da hobetu egin dela uste dutenena baino.
Ekonomistak ez dira hain baikor ageri etorkizunari dagokionez. Ia % 39k uste dute beren egoera ekonomikoak okerrera egingo duela datozen sei hilabeteetan, eta % 15,4k soilik uste du hobetu egingo dela. Inkestan parte hartu dutenen artean, gehienek uste dute langabeziak gora egingo duela hurrengo sei-hilekoan. % 51,4k uste dute gorakada garrantzitsua izango dela, eta ia % 30ek gorakada txikia izango dela.
Ekonomisten kolektiboa baikor ageri da aurrezteko aukerari dagokionez, aurreko Ekonometroan jasotako neurri bertsuan. Inkestan parte hartu duten ekonomisten ia % 64k uste dute beren etxeetan aurrezteko aukera izango dutela datozen sei hilabeteetan; % 21,8 ziur dago horretaz eta % 42 nahiko ziur. % 10,4k, ordea, uste dute etxean ezin izango dutela aurreztu, eta % 25,8k ez du aurrezteko aukera handirik ikusten.
Edizio honetan, ekonomisten arabera, hauek dira euskal ekonomiaren lehiakortasunari gehien eragiten dioten faktoreak: I+G+b, kontsumo maila, eta, tarte batera, hirugarren postuan, langabezia. Azken Ekonometroetan ohi ez bezala, energiaren prezioa eta iruzurra azken postuetan geratu dira, eta prestakuntzak ere postuak galdu ditu.