Berriakrss

Euskara, garapen iraunkorrerako giltzarri
Enpresarean azoka

Euskara, garapen iraunkorrerako giltzarri

2020-10-23 - Enpresarean

Iraunkortasuna, hazkunde ekonomikoa, inklusioa eta hizkuntza aniztasuna izan genituen mintzagai Enpresarean Azokaren bosgarren edizioan. Osasun-neurri guztiak aintzat hartuta, maskara soinean, baina pozgarria izan zen, presentzialki gutxi batzuk izan arren, elkar ikusi eta elkarrekin egotea. Azken finean, Enpresarean Azokaren helburuetako bat hori baita, elkarrekin saretu eta adibide eredugarriak partekatzea.

Streaming bidez ere ikusle ugari izan ziren jardunaldia jarraitzen. Galdu bazenuten, hemen duzue zuzeneko osoa.

Rober Gutiérrezek (Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria), Xabier Lertxundik (Hernaniko alkatea) eta Imanol Lasak (Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua) ireki zuten jardunaldia.

Gutiérrezek sarreran esan zuen bezala, "mundu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko hausnarketa" egin genuen jardunaldian: "Geroa elkarrekin eraiki behar dugu", gaineratu zuen eta "gure ongizatea eta lurraldearen garapena hizkuntzekin ere lotu" behar direla, "euskara baita gure ongizaterako giltzarri nagusietako bat".

Lertxundik esan zuen "Ingurumena errespetatzeaz gain, tokikoa errespetatu" behar dela eta tokiko horretan sartzen dela euskara ere: "Euskarak izan behar du erdigunea", gaineratu zuen.

Lasak nabarmendu zuen "hazkunde ekonomiko jasangarria eta euskararen biziberritzeari heltzeko, enpresa ereduaren inguruan gogoeta sakona" behar dugula: "Inflexio puntu batean gaude, eta horren aurrean hemengo ereduaren indarguneei eutsi behar diegu", gaineratu zuen.

"Ez utzi inor atzean"

Sarrera-hitzaldia Orkestrako Usue Lorenzek egin zuen, Ez utzi inor atzean artikuluan oinarritu zuen bere hitzaldia: "Inoiz baino gehiago eta salbuespenik gabe, beharrezkoa da gizarteko eragile guztiek behar diren eraldaketak egitea, bakoitzak bere errealitatea kontuan hartuta, COVID-19az haratago, elkarrekin etorkizun oparo bat eraikitzeko".

Lehen solasaldian, iraunkortasunaz eta hazkunde ekonomikoaz aritu ziren Eguzki Urteagaren gidaritzapean Ibon Antero (Mondragon Korporazioa), Gotzone Olarra (Oxfam Intermon) eta Iratxe Olabarri (Ingeteam Group). Garapen Iraunkorreko Helburuen aplikazioan sartuta daude hiru erakundeak eta beraien esperientziaren berri eman zuten.

Esperientzia-trukearen txanda izan zen ostean. Anabel Arraizak gidatuta, inklusibitatea lantzen ari diren enpresa eredugarriak ezagutu genituen: Sutargi, Eredu Koop., Akaba, Oiarso Bexen, Pauso Berriak programa Laboral Kutxa.

Pauso Berriak programari esker Andoaingo Udalean lanean ari da Aihotz Albizu. Udaleko bizipoza dela esan zuten jardunaldian eta aurtengo Enpresarean Azokako bizipoza ere izan da. Eskerrik asko, Aihotz!

Bigarren solasaldian hizkuntza-aniztasuna izan zen hizpide. Leire Canciok (Agirre Lehendakari Center) gidatuta, Leire Okarantza (Fagor Taldea), Natxo Lekunberri (Mutualia), Miren Dobaran (Hizkuntza Politikarako sailburuordetza) eta Ines Garcia (Unesco Katedra).

Leire Okarantzak nabarmendu zuen Fagor Taldean "elkarbizitza linguistikoa" dutela helburu: "Gure hizkuntza nagusia euskara da eta hori bermatzeko eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzen ditugu", aipatu zuen.

Arin-arin lehiaketa

David Larrinagak eta Iñigo Matesanzek aurkeztutako #BILVA proiektuak jaso du Arin-arin Ekintzaileen Lehiaketako 2.000 euroko saria. Zorionak!

Jardunaldiko argazki gehiago dituzue hemen: Flickr.com- Enpresarean Azoka 2020