Eraldaketa garaia
Garai aldakorra bizi dugu. Ezegonkortasuna dago, oro har, gure egunerokoan, enpresetan eta merkatu globalean. Etorkizuna nolakoa izango den asmatzen ez da sekula erraza izan, baina gero eta zailagoa dirudi ezegonkortasun egoera honetan. Globalizazioa, digitalizazioa, klima aldaketa, gizarte egituren aldaketa… Dena ari da aldatzen, eta eraldaketa horrek lan munduari ere eragiten dio, ezinbestean.
Aurtengo Enpresarean Azokan, euskal profesionalekin eta enpresekin batera, etorkizunera begira jarri nahi dugu, ezegonkortasun eta eraldaketa egoera honen aurrean abiatu diren estrategiak, adibideak eta ikasitakoak partekatzeko asmoz.
Instituzioetatik zein enpresetatik eraldaketa garai honen eta etorkizunean etorriko denaren inguruko hausnarketak egin eta neurriak hartzen ari dira. Zentzu honetan, digitalizazioak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina ezegonkortasun garai honetan pertsonen ongizatea ere jarri nahi dugu erdigunean. Zein da gai honen inguruan euskal enpresen estrategia? Nola uztartu pertsonen ongizatea eta garapen ekonomikoa? Zein aurrerapen daude industria adimendunean? Nola eragingo dute pertsonen ongizatean?
Galdera horiei erantzuten saiatuko gara profesional ugariz inguratuta.
IKUSI EGITARAUA
Arin-arin lehiaketa
Ekintzaileei zuzenduriko Arin-arin saioa egongo da aurten ere. Parte-hartzaileek haien ideiak edo proiektuak hiru minututan azaldu beharko dituzte, arin eta labur. Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz.
ARIN-ARIN LEHIAKETA