Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe izenburupean AAren eragin ekonomiko, sozial eta legala aztertu nahi da aurtengo Enpresarean Azokan. Urriaren 24an izango da azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dugu.
Ekintzaileei zuzenduriko Arin-arin saioa egongo da aurtengo edizioan ere. Parte-hartzaileek haien ideiak edo proiektuak hiru minututan azaldu beharko dituzte, arin eta labur. Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz.
Enpresarean Azoka Bai Euskarari Elkarteak sustaturiko Enpresarean proiektuaren ardatz bat da. Egitasmoaren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea.