Enpresarean TB

Enpresarean foroa

Enpresarean Foroa: Joseba Barandiaran

2015-10-22
Garaia Berrikuntza Gunea
9:00

Joseba Barandiaran

Enpresarean Foroaren hirugarren saioa egin dugu Joseba Barandiaran ekonomialariarekin Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Ekonomiaren inguruko gai asko jorratu ditu ia bi orduko solasaldian: ekonomiaren hazkundea, langabezia, enpresen nazioartekotzea, finantzazioa, ekonomia soziala, euskara lan munduan… Goienako Eneko Azkaratek gidatu du solasaldia eta datorren astean Goiena Telebistan emango dute osorik.

 

Hemen bildu ditugu solasaldian esandako zenbait puntu:

Ekonomiaren hazkundea dagoela diote, krisia amaitu da?

Ekonomiaren hazkundeaz hitz egiteko Joseba Azkarragak duela gutxi Berria-ko elkarrizketa batean esandakoa ekarri du gogora: “Berriz hazteari ekitea 'Titanic'-en mus partida bat irabaztea bezala da”.  Hazkundea izan dela esan du Barandiaranek, baina hazkunde horrek kezkak ere sortzen dituela: balizko hazkunde baten eramangarritasuna edo etorkinen krisia, esaterako.

Langabezia

“Langabezia ulertzeko modu asko daude. Datozen urteetarako aldagai garrantzitsua demografikoa izango da, goitik behera baldintzatuko du gure gizartea: gizarte zahartua izango da gurea, horrek esan nahi duen guztiarekin. Erronkak jarriko dizkigu: zaintzan, osasunean, enpresetako errelebo beharretan…”

Nazioartekotzea

“Esportaziorako ahalmena izateko enpresen tamaina da puntu garrantzitsua. Kanpora joateko garaian txiki geratzen dira hemengo enpresak. Kostu finkoak ditu nazioartekotzeak eta zail dute beraien gain hartzen. Kanpoan nor izateko fusioak edo bat egiteak beharrezkoak dira”.

Finantzazioa

“Orain zenbait jendek zalantza handiak ditu maileguak hartzeko garaian. Finantzaketa egon badago, baina muga batzuekin. Eta ona da muga horiek egotea ze mugarik ez egoteak eraman gaitu aurreko arazora.”

Ekonomia sozial eraldatzailea

“Eraldatzailea, soziala den ikuspuntutik, beti izango da. Gizartea aldatzen den heinean jardun eraldatzaile gehiago izango dira: garai batean, adibidez, eraldatzaileak izango ziren emakumeak kontratatzen zituztenak…”

1266104_.jpg

Energia berriztagarriak

“Eraldatzailea izateko norberarengandik hasi beharra dago. Erregaien kontsumoa murrizteko orduan zer hobetu asko dago, maila eramangarritik gora baitaude gure kontsumo ohiturak. Akzio eraldatzaileak egin ditugu, baina ez dugu sekulako jauzirik egin. Obamak energia berriztagarrien alde alde egitea ondo dago, baina praktikan gure merkatuak antolatzeko arauak ditugu eta horiek aldatzea zaila da. Politika horietan sinesten bada epe luzeko ikuspegia behar da.”

Euskara lan munduan

“Norberaren kontzientzia dago hor. Euskararen aldeko jarduna dut nire baloreetan, barne produktu gordina dena delakoa dela ere. Praxian ere eragin behar da, mezuak eta txostenak ondo daude, baina saiatu behar dugu balio erantsia ematen euskarari. Badaude zenbait esperientzia kooperazioan oinarritzen direnak eta lortu dutenak ikaragarrizko kooperazio sarea sortzea; Wikipedia, adibidez. Euskarara ekarrita euskaldunen arteko kooperazio giro estuago bat sortzen bada, balioa duela erakutsiko dugu. Kontsumo ohituretan eta harremanetan eragingo luke horrek.”