2020-09-21 - Enpresarean
Urriaren 22an izango da aurtengo Enpresarean Azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin.
‘Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna?’ Horixe izango da Enpresarean Azokan jorratuko dugun gaia. Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango ditugu.
Jardunaldia 9:00etatik 13:30era izango da, Orona Ideoko Gallery aretoan. Segurtasun baldintzak aintzat hartuta antolatuko da jardunaldia eta baimendutako edukiera murriztuta egongo da. Dena dela, bertaratu ezin dutenentzat Internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Modu batera edo bestera jarraitu, jardunaldian izena eman behar da galdetegi hau beteta: https://enpresarean.eus/info/ikusi/enpresarean-azoka-2020/eman-izena
Hitzaldi eta solasaldiak
Aurtengo egitarauan enpresetako, kooperatibetako, erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkariek hartuko dute parte. Sarrera-hitzaldia Orkestrako Usue Lorenzek egingo du, Ez utzi inor atzean izenburupean. COVID-19aren krisialditik atera eta gauzak beste modu batera egiteko garaian, inoiz baino indar handiagoa dute 2030eko Agendak eta Garapen Iraunkorrerako helburuek, guztiok norabide berean lan egitera bultzatzen gaituzte, mundu bidezkoagoa, oparoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko, inor atzean utzi gabe.
Ondoren, bi solasaldi eta esperientzia-truke bat izango ditugu, arlo ezberdinetako ordezkariekin.
Lehen solasaldian, iraunkortasunaz eta hazkunde ekonomikoaz arituko dira EHU, Mondragon Korporazioa, Eusko Jaurlaritza, Oxfam Intermon eta Ingeteam Group-eko ordezkariak.
Bigarren solasaldian, hizkuntza aniztasunaz eta garapen iraunkor globalaz arituko dira Agirre Lehendakari Centerrek gidatuta, Fagor, Mutualia, Hizkuntza Politikarako sailburuordetza eta Unesco Etxea.
Esperientzia-trukea izango dugu bi solasaldien artean eta, Anabel Arraizak gidatuta, inklusibitatea lantzen ari diren enpresa eredugarriak ezagutuko ditugu: Sutargi, Eredu Koop., Akaba, Oiarso Bexen, Laboral Kutxa eta ATZEGI, besteak beste.
Amaitzeko, aurreko edizioetan bezala, aurten ere Arin-arin saioa izango dugu, ekintzaileei zuzendutako saioa: parte-hartzaileek Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioarekin lotutako proiektuak edo ideiak azaldu beharko dituzte, hiru minututan, arin eta labur. Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz.
Ikusi aurtengo egitaraua hemen: https://enpresarean.eus/info/ikusi/enpresarean-azoka-2020/egitaraua