Ekitaldiak

Enpresarean Azoka 2018

Enpresarean Azoka 2018

Enpresarean Azoka 2018

Eraldaketa bai, pertsonen ongizaterako

 

 
 

 

Pertsonak eta horien ongizatea izan dira protagonistak Enpresarean Azokan, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronkaren aurrean.   

Bai Euskarari Elkarteak solasaldirako eta elkarlanerako bilgunea eskaini die profesionalei eta enpresei, euskaraz, Enpresarean Azokaren laugarren edizioan; gaur egungo paradigma aztertzeko, askotariko iritziak partekatzeko eta etorkizunera begira jartzeko aukera izan dute goi mailako adituek, euskaratik eta euskaraz.

Lehiakortasuna, teknologia, pertsonak, eraldaketa digitala, lana eta talentua. Erronkez, kezkez eta aukeraz beteriko etorkizuna irudikatu dute, elkarrekin, eskarmentu handiko enpresen ordezkariek eta etorkizunetik datozen ekintzaileek; administrazioko ordezkariak ere bertan izan dira, euskal profesionalen ondoan, etorkizun sozioekonomikoan elkar eragiteko asmoz.

Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren laugarren edizio honek, Orona Ideon egin dena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, SPRI Taldearen, Hernaniko Udalaren, Laboral Kutxaren eta Orona Fundazioaren babesa izan du.

 

Elkarrekin, konektaturik, eragiteko aukera berriekin

Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, Rober Gutiérrez-ek; Hernaniko alkatea den Luix Intxauspek; eta Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, eman diote hasiera jardunaldiari.

Gutiérrez-ek ongietorria eman die parte-hartzaileei eta Enpresarean egitasmoaren aurkezpena egin du, “alor sozioekonomikoan euskaraz normaltasunez aritzeko proiektu esperimental gisa, enpresei eta profesionalei egitasmoak ezagutzera emateko bidea eskaintzen diena, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera errazten diena, enpresen eta profesionalen interesekoak diren gaiak jorratu nahi dituena eta tresna eta bitarteko berriak lantzen eta sortzen lagundu nahi duena.” Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak azpimarratu du euskarak balioa ematen diola lurralde honetako alor sozioekonomikoari, eta horregatik, euskaraz eta euskaratik ekarpena egin nahi dutela. “Elkarrekin, konektaturik, eragiteko aukera berriekin” piztu da jardunaldiaren txinparta.

Markel Olanok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, azpimarratu du euskara bidegurutzean dagoela eta bere etorkizuna bermatzeko ardura hartu behar dugula: “gazte zein heldu, guztion artean erabilera erreala bultzatu behar dugu esparru guztietan, baita lan eremuan ere. Badugu zer egin, zer aurreratu eta Enpresarean bezalako topaketak pozgarriak dira”.

 

 

Pertsonak, digitalizazioa eta transformazioaren etorkizuneko erronka

Jardunaldia 9:00etan hasi eta 14:00etan amaitu da, Anabel Arraiza aktorearen gidaritzapean. Etorkizuna ulertzeko modu ezberdina duten ekonomia eta teknologia arloko profesionalek hitzaldiak eskaini eta solasaldiak partekatu dituzte, gaien araberako bloke ezberdinetan.

Lehenik eta behin, “Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak” hizpide izanik, ORKESTRAko zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskaini dute. Ondoren, mahai-ingurua partekatu dute Imanol Esnaolarekin (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuzarekin (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategia zuzendari nagusia), Fermin Lazkanorekin (IMHko Enpresentzako formazioa eta zerbitzuen arduraduna) eta  Hispavista Labseko zuzendari exekutiboa den Iker Barrenarekin.

Bigarren blokean, eraldaketa digitalean eta lanaren etorkizunean jarri da fokoa: “Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?” galderari erantzun nahian. Horretarako, IKANOS proiektuaren zuzendariak, Ana Isabel Vitóricak, "Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan" hitzaldia eskaini du. Ondoren, BERRIAko kazetaria den Irune Lasak oholtza gainera gonbidatu ditu ondorengo adituak: Ana Isabel Vitórica, IKANOSeko zuzendaria; Leire Colomo, AMPO-ko Berrikuntza eta garapen teknologikoaren zuzendaria; Santi Agirregoikoa, ELAY-ko Kontseilari ordezkaria; eta Arrate Olaiz, IBARMIAko Berrikuntza zuzendaria.

Hirugarren atalean, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-PROSPEKTIKEReko zuzendari nagusia den eta Millenium Proiektuaren arduraduna den Ibon Zugastik proiektuari buruz hitz egin du eta lana etorkizunean nolakoa izango den eta etorkizuneko erronkak irudikatzen lagundu du. Horretaz ere jardun dute hitzaldiaren ondorengo solasaldian. Hor ikuspegiak partekatu ditu honako profesional hauekin: Nuria Agirre (Laboral Kutxako Gizarte Kudeaketako zuzendaria), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria), Iñigo Larrea (MONDRAGON Korporazioko Gestio Sozialaren arduraduna) eta EITBko Giza Baliabideetako zuzendaria den Izarne Arrigain.

2.000 euro Zocco Handmade proiektuarentzat

Zocco Handmade proiektua izan da arin-arin ekintzaileen lehiaketaren irabazlea, 2.000 euroko sariarekin. June Arrieta eta Iñigo Tejadak aurkeztu dute ekimena, enpleguaren, formakuntzaren eta espazio partekatuen bidez emakumeak laguntzea helburu duena.

 

GEHITU SARERA

facebook twitter youtube rss linkedin

Agenda

aurrekoa 2024 abendua hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
      1
6
78
1415
1819202122
23242526272829
3031