2026-06-04 (09:30 - 00:00)
Egun, informazioa eta gailuak babestea ezinbesteko erronka bihurtu da pertsona eta erakunde guztientzat. Zibererasoak, datu-lapurretak eta gailuak galtzearekin lotutako arriskuak nabarmen handitu dira, eguneroko bizitzan teknologia gero eta gehiago erabiltzen dugulako. Egunero, milioika pertsonari eta enpresari eragiten diete malwareak, phishingak, ransomwareak eta informazio konfidentzialaren lapurretak. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurkituko ditugun arriskuak ezagutzea, eta neurri eraginkorrak hartzea gure informazio pertsonala eta ingurune profesionaletan erabiltzen duguna babesteko.
Informazio pertsonala eta profesionala eta erabiltzen ditugun gailuak babesteko jardunbide egokiak eta tresna eraginkorrenak ikasteko diseinatuta dago tailer hau. Trebakuntzan, funtsezko alderdi hauei helduko zaie: pasahitz seguruak nola kudeatu, faktore anitzeko autentifikazioa erabiltzea, malwarearen eta birusen aurkako babesa, eta hodeian gordetako informazioa ziurtatzeko estrategiak. Horrez gain, segurtasun-gorabeheren aurrean nola erantzun (gailu bat galtzen dugunean edo lapurtzen digutenean, adibidez) eta segurtasun-arrakalak nola prebenitu ere irakatsiko da.
2026-06-04 (09:00 - 00:00)
Cyber Resilience Act (CRA) araudiak zibersegurtasun-esparru berri bat ezarriko du Europar Batasunean, eta elementu digitalak dituzten merkaturatutako produktuei eragingo die. Bereziki garrantzitsua izango da fabrikatzaileentzat, software-garatzaileentzat, integratzaileentzat eta enpresa teknologikoentzat; izan ere, produktuaren bizi-ziklo osoan bete beharreko zibersegurtasuneko nahitaezko baldintza batzuk ezarri ditu, eta araudia betetzea beharrezkoa izango da Europako merkatuan sartzeko.
Diseinutik bertatik produktu seguruagoak eskatzeaz gain, CRAk hauen inguruko betebehar batzuk jasotzen ditu: kalteberatasunak kudeatzea, segurtasun-eguneratzeak, dokumentazio teknikoa, erabiltzaileari informazioa ematea eta, kasu jakin batzuetan, aktiboki ustiatutako gorabehera eta kalteberatasunen jakinarazpenak.
NIS2 zuzentaraua (Network and Information Security Directive) zibersegurtasunaren arloko Europako lege-esparruaren eguneratze bat da, eta 2024ko urritik aurrera aplika daiteke. Zuzentarau honen helburua da zibersegurtasun-intzidentzien aurrean erantzuteko gaitasuna eta erresilientzia hobetzea sektore garrantzitsu eta funtsezkoetan: zerbitzu digitalen operadoreak, azpiegitura kritikoak, funtsezko zerbitzu-hornitzaileak, eta abar.
NIS2 prestatzea eta ezagutzea abantaila da lehiakortasunean, eta enpresa-arriskuak kudeatzeko tresna giltzarria da egungo ingurune digitalean.
Jardunaldi honetan, araudiaren edukia, aplikazio-eremua eta tamaina eta sektore desberdinetako operadore ekonomikoen eta enpresen betebeharrak aztertuko dira, enpresetara bideratutako ikuspegi argi eta praktikoa emanez.